miércoles, 14 de diciembre de 2011

*2011-12-09*

Gaurko eguna, hausnarketa eta erreflexiorako eguna izan da. Bai azken taldearen aurkezpenari esker eta baita errubrika taulari esker ere.

Lehenari dagokionez -Amaia, Nerea eta Maitaneren aurkezpenari-, esan beharra dago oso lan ona egin dutela. Izan ere, modu sinple bezain erakargarrian laburbildu dute azken aste hauetan gertatutakoa.
Aldi berean, kontuan hartu behar da honek suposatu dien lana. Oso astuna izan behar baitzuen horrenbeste bideo ordu ikusi, laburtu eta muntatzeak.
Hala ere, esan nahiko genuke, nabarmenegia irudi zaigula alderdi ezkorrak erakusteko erabili duten metodoa. Hots, norbere burua ikusi behar izatea pantaila handian azpian “HONELA EZ” zioen letreroarekin. Zorionez, ez da gure kasua izan baina nahiko deseroso sentitu gara gure kideen azalean jartzean.
Egia esan, honen arrazoia geure baitan aurkitzen da. Ez baikaude ohituta horren modu grafiko eta zuzenean geure akatsak ikusi eta onartzen. Beraz, ariketa ona izan liteke ohitzen eta ikasten joateko. Bizitza errealean ere, aurrez aurre topatuko baikara gure akatsekin.

Ezin daiteke ondorengo bideoarekin alderatu, ezta erreferentziatzat hartu ere.  Risto Mejide delakoa, show bat bihurtu baita. Edozer hartzen duelarik aitzakiatzat jendea iraindu eta bere burua saltzeko.
Edonola ere, kritika latsen adibidetzat atxikitzen dugu:





Bigarrenari erreparatuz –Errubrika Taulari-, oraintxe ezagutu dugun tresna da eta inpresio ona eman digu. Izan ere, metodo erabilgarria da baldin eta seriotasunez eta arduraz burutzen bada. Ebaluatzeko tresna izateaz gain, hausnarketarako gaia ere badelako.
Zerbait gehitzearren, aipamen txiki bat egin nahi genuke. Apur bat eskas gelditu dela iruditu baitzaigu galdegaiei dagokienez. Hau da, galdegaiak gehiago eta zehatzagoak izanez gero, ariketa osoago izango litzatekeela uste dugu.

Alaitzek esaldi honekin eman dio amaiera irakasgaiari :
”ONGI ESANAK KONTUAN HARTU ETA GAIZKI ESANAK AHASTU”
Geuk ere honelaxe itxiko dugu gure bitakora. Eskerrik asko!


*Oharra:  Sarrera hau, ostiralean bertan argitaratu genuen (2011-12-09). Baina formatu arazoak izan direla eta berriro saiatu behar izan gara. Ondorioz, gaurko egunean argitaratua azaltzen da(2011-12-14). 

No hay comentarios:

Publicar un comentario